XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. MATXINADAK

Matxinada edo altxamenduak, batez ere Euskal Herriko itsasaldeko probintzietan XVII. eta XVIII. mendeetan izan ziren.

Probintzia horietan aurreko mendeetako garapen ekonomikoak artisautzako eta meagintzako iharduerak bultzatu egin zituen.

Iharduera haien adierazgarri bikainena burdinolak izan ziren, eta garai batean zeukaten garrantziaren arrastoak leku eta ibai askoren izenetan geratu dira.

Matxinada hitza sortzea ez zen kasualitatea izan.

Hitz hori Matxin (Martin) hitzetik dator, hau da, olagizonen zaindariaren izenetik.

Izan ere, beren ondoeza erakusten lehenak haiek izaten baitziren.

Matxinoek eta gizarteko beste zenbait sektorek ez zuten elikagaiak zuzenean produzitzen lan egiten.

Udalek eta Batzar Nagusiek hornidura falta ez zedin arduratzen ziren, eta gainera prezioek egokiak izan behar zuten.

Egoera hura merkatari handientzat ez zen erosoa.

Haiek eskasialdian diru asko irabazteko aukera ikusten zuten, eta emeki-emeki probintzietako gobernuetan beren iritziak ezarri zituzten.

Politika hark, noski, ondoeza sortu zuen eta gainera erakundeek herritarrak gero eta zerga handiagoez kargatu zituzten.

Baina, matxinoen eskaerei eta gertaeren nondik-norakoari begiratuz, ondoezaren arrazoi guztiak ekonomiko hutsak ez zirela ikusten da.

Herritarrentzat kaltegarria zen agindu bat edo beste bakarrik ez ziren salatzen.

Horrez gain, foruak haustea ere salatzen zuten.

Azkenik, matxinada nagusiak deskribatzen hasi aurretik esan beharra dago emakumeek indartsu parte hartu zutela.

Giroa baretu ondoren ere, agintarien txosten askotan etxekoandreek elkarrekin zituzten elkarrizketak zaindu egin behar zirela aipatzen zen.